XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aiek poza!...

Egun kaskarra uraxe bai, kaskarra ba-zan!

Nor kale erdian batetik bestera asi?

Ala ere, illun-senti artan, iñor ageri ez zan alako batean, kalez-kale ta tipi-tapa, gizontxo arlote bat azaldu zan.

Argiak pinpilinpauxak bereganatzen dituen bezela, arkupetako denden argitasunera urbilduta zeuden gazte aiek, ikusi ote zuten gizontxo ura?

Ez zirudien...

Burutik zintzilik, bizkarra estaltzen ziola zaku zar bat zeraman; egindakoan zer kolore zuten iñork igerri ezin zezakean petatxoz betetako galtzak; buztiñez zikindutako abarka aundi batzuk; aitzur bat eskuetan...

Dana kakotuta zijoala ikusirik, bustitzeko bildurra zeukala esan zitekean, baiña... plisti-plasta putzozulo guzien barrena ta tella-jario guzien azpiz-azpi zijoala, euria ari zuenik ere ba'al zekien ba ark?

Eta aren izu-arpegia!...

Eta aren dardara!...

Eta aren iñork ikusi ez naia!...

Ez!

Ustez beintzat ez zuen iñork aintzakotzat artu!

Arin-arin, laister iritxi zan, blai-blai ezurretaraño bustita, kale erdi-illun batera.

An iltze-dotorez jantzitako ate aundi bat zuen etxe baten aurrean geratu zan.

Eta kalean gora ta bera begiratu ondoren, ate-ezkillaren burnizko katetxoari geldi-geldi eragin zion.

Ala ere, lekaime-etxe bateko kanpai lotsati baten antzera, legun-legun ots-egin arren, oso ederki entzun zan ixiltasun artan.